Irubide (Hernani)

Denak onak

2010-04-15

Web orria ikusi

EDORTA AGIRRE

Jose Migel Barandiaran handiak: "Hoberena, onaren etsai". Alegia, hobe bi hankak lur gainean jarri eta seguru ibiltzea, sasi-hegaldietan saioka baino.

Txirrindulari ugari, lantegitik baserrira eta bueltan, arrastiri eta ilunabar, zumar, lizar, pago, haritz eta bestez tapizaturiko bide heze bihurrian Goizueta, Arano, Benta Zahar, Benta Berri, Ereñozu, Epele... zeinahi bazterretatik. Txirrita bera ere, gurdian eserita, sagardotegi, benta eta gainerako establezimenduak bisitatuz eskuarki ibiliko zen alderdi hauetatik.

Bertako bihurguneetako batean dago Irubide etxea baina bidean horren adierazlerik (sardexka-labana anonimoez kanpo) ez dagoen. Zuk bilatu, galdetu, miatu behar. Ez etsi.

Eguneko otordua: 10 € astean, kafe eta guzti (5 sarrera, 5 jaki, 5 postre).

Laguneko prezioa: kartan, 25 - 35 €.

Sarrerak: frijituak, gaurko entsalada epelak, arrauzkiak, iberikoak, hostoreak, etc.

Arraina: aukera ez da zabalegia; legatza, zapoa, bakailaoa...

Haragia: denetik, are orein, kanguru, arkume, ahate, foie-gras, azpizun eta beste zenbait gutizia.

Postreak: etxekoak, denak: arrozesnea, flana, sei klasetako tarta, mamia...

Hizkuntza: euskaraz dena: telefonoa hartzetik hasita, bertako letreroak, karta nagusia (postre eta ardo kartak ez daude oraingoz euskaraz), faktura, txartela, zerbitzariak ere euskaldun...

Sukaldaritza: Irubiden sukaldariaren adimena eta burua dira agintari: bigarren kategoriako jeneroarekin primerako jakiak moldatzen ditu, teknikaz, jakituriaz eta mimoz dotoretuak. Elaborazio landua: egospen luzeak (txekor matrailak, hostoreak, postreak), osagai ugariko platerak (ahate bularkia nagusi, lasto-patatak, marakuia, zuku murriztua...). Eskulana, oro har, maisuki burutua. Aurkezpenean, bitxitasunari egin zaizkio kontzesioren bat, apaingarri kontuetan batez ere.

Jana: klasikoa eta klasiko modernizatua, gure kulturako usain, kolore eta zapore tradizionalen arrastotik, erraz hartzeko modukoa, muturreko testura, tenperatura eta gainerakoei saihets eginez. Plater batzuetan kontraste harmonikoak agertzen dira: gantzatsua eta sagar purearen gozo-gazia, arkume hostore beroa eta sorbete txiki bat...

Zerbitzua: eraginkorra, adeitsua, diskrezioa nagusi. Gure modukoa.

Gainerakoak: Irubidek dena du funtzionala, ez zaio protagonismoa altzari, baxera, argiteria edo antzekoei eman, hazkurriari eta zerbitzuari baizik. Minimoak duintasun osoz betetzen ditu.

IRUBIDE JATETXEA
Epele auzoa, 7 - HERNANI
Tfnoa: 943 55 24 80

 

 

Irubide-jangela

Fidenet Comunicaci?n S.L.