Patxiku Enea (Lezo)

Hitz batez: berririk eza, berri on

2010-04-15

Web orria ikusi

EDORTA AGIRRE

Lezotik Irunerako bidean, Jaizkibel soildu historikoaren babespeko Gaintxurizketa auzoko bide ertzean da "Patxiku Enea" jatetxea, bertarako aparkaleku zabalak mugatuta. Ezinduak sarbide erosoa du bertatik.
Arteki ikatzaren lurrinak ongietorria eginik, sar gaitezen.


Alferrikako apainketari tarterik ez zaio utzi (alderantziz baizik), etxearen dotoreak aski baitu jatorrizko edertasuna: harria eta egurra egiazkoak, arreta biziz zainduta. Nahikoa. Erretzaile ez diren bekatariak eta infernuan ere erretzera kondenatutako gajoak bereizteko jantoki zabalak (bi mailatan antolatuak), altzari diskretu erosoak, uki leuneko kotoi zurixkako zapi eta mantelak, baxera tamainakoa, polita, ozenkeriarik gabea dena.

 

Sarrerak: itsaski entsalada (17€), antxoak oliotan (25, etxeko foie-grasa (15), arrain-itsaskien zopa (7), platerean hiru ale ozta-ozta sartzen direneko langostino usain ederrekoak, ilar, baba eta orburuak (11), berdel eta tomatedun entsalada...

Arrain-itsaskiak: bakailaoa etxeko tomate saltsan (17€), arranparrilan erretako bisigua (bi lagunentzat, 55€), legatz kokote errea (42), zapoa (44, web orrian 42€ adierazten badu ere), antxoak, lupia, mihi-arraina, hegaluze mendreska...

Haragia: idi txuleta (33 € kiloko), besteak beste.

Postreak: arrozesnea, mamia, flana, izozkiak, txokolate-, udare- eta gazta-tartak, gazta, hamaika izozki, etab. (5€ inguru).

Ardandegia: estatu espainiarreko ardandegietan aukera zabal-zabala (gehi hiru xanpain frantses). Prezio eskuragarriko jeneroa, gehienbat. Sagardorik ez ikusteak harritu gaitu.

Hizkuntza: langile denak euskaldunak, gaztelania denean nagusi.

Bezeroa: enpresakoa, ia denak gizonezkoak.

Laguneko prezioa: kartan, 50 €.

Kalitate, kopuru eta prezioaren arteko erlazioa: egokia

Web orria: txukuna, erabat eguneratu gabea (prezioak, adibidez; dena gaztelaniaz dago baina euskaraz ez).

Sukaldaritza: soila, merkatukoa, jeneroa lehenetsita, apaingarri askorik gabea, lanean segitu behar duen gehiengo horrentzat aproposa, joera berriei urrutitik keinuka baina presarik gabe. Aurkezpena, tenperaturak, etab., zaindu samarrak.

Jana: goxoa, bertako klasikoa, erraz ahoratu eta irensteko modukoa, muturrekoak (garratz, mikatz, beroegiak), jatekoak ez diren atalak, etab., erabat bazterturik. Kromatismo, bolumen eta antzekoak askorik zaindu gabe. Kopuru politak, orokorki.

Zerbitzua: azkarra, adeitsua, eraginkorra, pittin bat itogarria baina otorduak agindu bezain erritmo arinean dabil makineria... gure modukoa, hitz batez. Zerbitzari gazteak, beltzez txairo jantziak, profesional onak.

Zaindu beharreko alderdiak: parrillakoa eskatu baduzu, plateretik platerera dexente itxoin beharra. Foie-grasaren (etxekoa al da, kartak dioen bezala?) lehen muturra ez ohi da zerbitzatu. Ogia, laguneko, 2,95€. Kafe torrefaktu horren ordez, beste bat. Mahai batzuk, aukeran, elkarrengandik gertuegi: zuk esandakoaz ondoko mahaikoak iruzkinak egiten ari direla aditzen baduzu, batik bat. Prezioren bat neurriz gorakoa. Aulki hankei feltro pusketa bat erantsi beharko, enpresario onak ez omen dakielako eserlekua altxatzen. Keak molestia eragiten duela, dudarik ez; telefonoen zaratak...


PATXIKU-ENEA JATETXEA
Gaintxurizketa auzoa - LEZO
Tfnoa: 943 527 545
www.patxiku-enea.com

 

Patxiku-enea. Jangela

Patxiku-enea. Txuleta

Fidenet Comunicaci?n S.L.