Segore Etxe-Berri (Albiztur)

Marko basatia

2010-06-17

Web orria ikusi

EDORTA AGIRRE

Segore Etxeberri, dotore, egoki girotua, alferrikako elementurik gabe, haurrentzako jolastoki, aparkaleku eta guzti. Bazkaldu edo afaldu aurretik haritz eta pagoek babesturiko marko basatian pare bat orduko buelta egitea, merezi. 

Sarrerak: urdaiazpikoa, foie-grasa, etxeko entsalada (bikaina!), itsaskien entsalada epela, frijituak, onddoak, porru eta ganbadun krepeak, piper beteak, babarrunak (bere sakramentu eta guzti), menestra freskoa, arrain zopa.

Arrain-itsaskiak: bakailaoa, zapoa, legatz errea, kokotea.

Haragia: idi txuleta, baserriko oilaskoa, arkume errea eta ehiza, enkarguz: oreina, basahuntza, basurdea, usoa...

Postreak: arrozesnea, mamia, tartak, gazta, etxekoak.

Ardandegia: zerrenda motza baina polita, prezioak oso moduz.

Hizkuntza: euskara hitzetik hortzera, gaztelania fakturan, telebistan, etab.

Bezeroa: astegunean, jende gutxi.

Laguneko prezioa: kartan, 35 - 45 €.

Kalitate, kopuru eta prezioaren arteko erlazioa: oso egokia

Web orria: txukuna, erabat osatu gabe (preziorik ez da agertzen, adibidez). Errealitateak horko irudia aise gainditzen du, denean.

Sukaldaritza: tradizionala, landu samarra, eta merkatukoa, jeneroa lehenetsita, neurriz apaindua. Bezeroa poztuko duen detaile horren bila dabil tematuta sukaldaria, mimo handiz: oraintxe onddo pare bat, oraintxe arrain keztatua entsaladan, etab. Jai eguneko jana, hitz batez.

Jana: goxoa, bertako klasikoa eta eguneratutakoa, batzuetan sorpresak arreta ekartzen du, baina begiak itxi eta badakizu Euskal Herrian zarela. Kopuru erraldoiak (etxeko entsalada edo tarta aukera, adibidez, bi lagun asetzeko adinakoak dira), orokorki.

Zerbitzua: azkarra, adeitsua, eraginkorra... gure modukoa.

Zaindu beharreko alderdiak: sukaldeko keak jantokira iristen dira, telebistak bakea urratzen du; web orrian euskaraz akatsak daude.

Hitz batez: janari ederra toki ederrean. Itzuliko gara.


SEGORE ETXE-BERRI
Santa Marina auzoa, ALBIZTUR
Tf: 943 58 09 76 - 610 46 07 51
www.segoreetxeberri.com

 

Segore Etxe-Berri

Segore-jangela

Fidenet Comunicaci?n S.L.