Zelai Zabal (Oñati)

Goxoena, aspaldiko partez

2010-05-06

Web orria ikusi

EDORTA AGIRRE

Itsas mailatik 750 metrotako harri gorrizko paraje paregabe horretan ostatu merkea eskaintzen zitzaion behinola Arantzazuko erromesari, ardi-ezkilek alaituriko isiltasun gozoa atsedengarri. Birjinarik agertzekotan, hantxe agertu behar, noski.

Irizar eta Arzak gidari izan zituen Alberto Elortza chef eta (arreba Maria Pilarrekin) nagusiak Donostia aldean estudiatu eta ikasitako dena sortetxe dotorean txertatu zuen, giroa biziberrituz.

Hiru jantoki ditu Zelai Zabalek: zabala bata, sekulako bista duena; sukalde ondokoa, erreserbatu antzekoa, profesional eta adiskideen sekretutegi eta gezur-toki kutuna; eta pare bat dozena lagunentzakoa bestea, gustu handiz apainduta.

Erloju, telefono eta automobila urrun ahaztuta, Arantzazu aldera egun-pasa joan, begi-niniak natur altxorrez laztandu, zoragarrizko janaria ospatu, 50 - 60 euro eman eta sos batzuk bueltan jaso... Hori guztia ez da lilura, Zelai Zabal baizik

 

Kartako erakargarriak:

 

Sarrerak: misera entsalada, baserriko oilaskoaren entsalada, orburuak zigalekin, etxeko foie-grasa, menestra, onddo eta boilurdun risottoa, txangurrodun ravioliak...
Arrain-itsaskiak: haztegiko itsaskiez gainera, legatza, meroa, lupia, zapoa...
Haragia: txerri hankak, txahal matrailak, txerri iberikoaren presa, foie-grasa, arkumea, etxeko oilaskoa...
Postreak: arrozesne apar xigortua, Idiazabal gazta-krema, hiru txokolatedun gutizia, etxean eginiko izozkiak, biscuit glacé...
Ardandegia: ederki hornitua, aukera handi-handikoa. 

 

Hizkuntza: langile denak euskaldunak, euskarazko karta bada, baina...
Bezeroa: enpresakoa astegunean, eztei eta oturuntzak asteburuan.
Laguneko prezioa: kartan, 50 - 60 euro (dena barne).
Kalitate, kopuru eta prezioaren arteko erlazioa: oso egokia
Web orria: txukuna baina, etxearen kalterako, irakurtzeko zaila eta osatu gabea: plater asko ez dira agertzen bertan.
Sukaldaritza: Frantziako hotel handietakoa, euskal sukaldaritza berria eta autore estiloaren arteko konbinazio gaurkotua, landua, egokitua; eskulan eta burulan handia eskatzen duena, osagai asko plater bakoitzean baina bat bera ere ez alferrikakorik; lehentasuna ez du jeneroak, lanak baizik; bazkaltzen eta, batera, lanean diharduen horrentzat ez oso aproposa (datuek eta zifrek sukaldariaren lana galarazten dutelako). Aurkezpena, tenperaturak, etab., erabat zainduak.
Jana: goxoa, bertakoa, sorpresak baina sorpresa atseginak, batzuetan arreta handia eskatzen duena, osagaien antolamendua ulertzeko. Aurkezpenak-eta, zaindu-zainduak. Kopuru ederrak.
Zerbitzua: adeitsu, gertuko, lasai eta neurrikoa.
Hitz batez: goxoena, aspaldiko partez.

 

ZELAI-ZABAL JATETXEA
Arantzazu auzoa - OÑATI
Tfnoa: 943 78 13 06
www.zelaizabal.com

 

 

 

ZELAIZABAL-Alberto-Mariatxo.jpg

 

Zelai Zabal-Aparkalekua 

 

Fidenet Comunicaci?n S.L.